pribatizazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
pribatizazioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2012(e)ko irailaren 14(a), ostirala

Zerbitzuen pribatizazioa gaur, oztopoak eta posibilitateak (I)

Administrazio publikoek, eta tartean udalek, zerbitzu publikoak kanporatzeko joera izan dute azken hamarkadotan. Joera hauek titularitate aldaketa ekarri izan dute zenbaitzuetan, baina orokorrean zeharkako gestiora jo izan da, hau da, kontratazio publikoaren bidez enpresa pribatu baten esku jartzera zerbitzua, baina titularitatea oraindik administrazioak gordez. Hainbat arrazoi erabili izan dira argudio modura:
  • Arrazoi finantzarioak: defizit publikoak jasangaitzak izatea, eta zerbitzu publikoak finantza ikuspegitik eraginkorragoak egiteko beharra
  • Arrazoi ekonomikoak: uste zabaldua da enpresa pribatuek eraginkortasun handiagoa dutela erakunde publikoek baino. Dena dela, uste horren azpian akats bat ere badago, enpresa pribatuek ere administrazioen akats berberak erakusten baitituzte oligopolio edo lehia murriztuko egoeretan
  •  Legezko arrazoiak: hasiera batean europar nazioarteko esparrutik etorritako araudiek lehia askeari ematen dioten garrantziak zenbait jarduera publiko esparru publikotik ateratzera behar du. Bestalde horri gehitu behar zaio funtzio publikorako lan eskaintzak 2014ra arte izoztuta egotea
  • Arrazoi ideologikoak: korronte ideologiko batzuk sektore publikoak jarduera ekonomikoan aritzearen aurka egon izan dira betitik. 

Baina kontua da zerbitzuaren gestioa kanporatzeak ere hainbat arazo sortzen dituela, besteak beste honakoak:

  • Gestioaren kontrola urrundu egiten da bi arrazoirengatik
    • Administrazioak berak beste erakunde baten gaineko kontrola egiteko ahalegina handitu egin behar duelako
    • Zerbitzuaren arduraduna den administrazioa eta zerbitzuaren erabiltzailearen artean maila bat gehiago (zerbitzua gestionatzen duena) ezartzen delako
  • Zerbitzua ematerakoan administrazioak duen helburua (onura publikoa) eta enpresa pribatu batek duena (oro har, kapital enpresetan mozkinak maximizatzea) ezberdinak direlako, eta ezberdintasun honek erabakiak eta jarduerak asko baldintzatzen dituelako
  • Zerbitzu hartzaileekiko jarrera ere ezberdina da, zeharkako gestioaren kasu batzuetan bezero modura hartzera jotzen baita erabiltzailea, eta horrek urruntze bat ere badakar
  • Mozkinak maximizatzeko zeharkako gestioan dabiltzan enpresen logikak zerbitzuaren kalitatearengan edo zerbitzu emaile diren langileen baldintzengan eragin negatiboa izan dezake
  • Zerbitzu ematetik datorren aktibitate ekonomikoak sortzen duen irabazia kasu askotan (batez ere kontratazio handiko enpresen kasuan) herritik eta lurraldetik kanpora joaten da enpresaren erroak beste nonbait daudelako
Panorama hau marraztu ondoren, gai hau landuko dugun hurrengo udal politikek arazo hauek apaltzeko edo konpontzeko izan ditzaketen aukerak aztertuko ditugu.



2012(e)ko ekainaren 19(a), asteartea

Zerbitzu publikoen pribatizazioa: pribatizazioaren aurrean zer?


Azken lau postetan landu dugun gaiarekin jarraituko dugu gaurkoan. Oraingoan agenteak, iritzi publikoa, kooperatibizazio ekimena eta kooperatiben taldekatzea aztertuko ditugu.

Kooperatibizazio politiken agenteak

Agente ezberdinen bidez jokatu daiteke,
  1. Estrategia Agenteak: Zerbitzuen kooperatibizazioa helburu dutenak
  2. "Diana" Agenteak: Kooperatibizazio politikak eraginkor egiten dutenak
  3. Bigarren mailako Agenteak: Sindikatuak edota expertoak hala nola
  4. Iritzi publikoa: Iritzi publikora iristeko dauden bide ezberdinak, interneta, komunikazio bideak, unibertsitateak etabarren medio.
  5. Organizazio Sozialak: Administrazio publiko eta hiritarren arteko mediadoreak izango dira. Hainbat metodoren bidez hiritarrengana iritsi ahal dira, hauen sensibilitatera eta baita mobilizaziora, horretarako komunikatuak eta sinaduren batzea daude beste batzuren artean.

Iritzi publikoarekiko eragina

Zerbitzu lokalen kooperatibizazio kasuan mezu argi bat komunikatuko da:

"Zerbitzu lokalen mutualizazioa politika onena da efizentzia eta zerbitzuaren kalitatea bateratzeko"

Zerbitzu publikoaren kalitate ona bermatzea, garrantzizko ardura bat da gaur egun. Hiritarraren espektatibak bete behar dira, honek zerbitzu hobeagoa, administrazio gardena eta zerbitzu kostu baxuagoak eskuratuko ditu besteak beste.

Erabiltzaileen Auto-Antolaketa

Zerbitzu prestazioetan baldintza hobeagoak lortzeko asmoarekin.
Batzuetan, antolaketa sozialak oso modu zuzenean eragin dezakete zerbitzuaren hobekuntzan, gestio publikoan eta erabiltzaileen parte hartzean.
Antolaketa sozialak eragin handia daukate botere publikoen erabaki hartzeetan, hortaz mutualizazio edo kooperatibismoaren bultzatzean indarra izango du.


Zerbitzu Lokalen Hornitzaile Kooperatiben Antolaketa

Aurretik aipatutako abantailez gain, badaude zenbait desabantail arlo batzuetan. Hala nola ahalmen finantzarioan, orokorrean edota hezkuntzan.
Hortaz, kooperatiba politikek arretaz begiratuko dute egiturazko déficit hauek.

Honen aurrean konponbide egokiena, Italian sortutako modelo bat omen da, hiru bide egongo dira:
  • Kooperatiba txikien federazioa elkarteekiko
  • Kooperatiba sozialen taldeak
  • Zerbitzu publikoen prestazioak
Modelo honen bidez, ez dira erabiltzaileengan ezta hauen inguru lokaletik urrunduko eta aldi berean dimentsioaren abantailak hartuko dituzte, hots, finantzaketa, kalitatea eta formazioaren hobekuntza hain zuzen.

Kooperatiben Taldeak

  • Zerbitzu kooperatiben elkarteak
  • Antolaketa kooperatiboak edo ekonomia sozialekoak
  • Entitate publikoak









2012(e)ko maiatzaren 29(a), asteartea

Zerbitzu publikoak: pribatizazioaren aurrean zer? (III)

Orain hurrengoan argitaratutako postean mutualizazio esperientziez jardungo genuela esan genuen, eta horretan hasiko gara.
Zein sektoretan gauzatu dira mutualizazio esperientziak?
Ekai Centerren honako sektore hauen mutualizazioaren berri dugu:

  • Gizarte laguntza
  • Osasuna
  • Hezkuntza
  • Segurtasuna
  • Turismoa
  • Garraio zerbitzuak
  • Enplegu zerbitzuak
  • Ur hornidura
  • Ingurumena
  • Energia
Baina gehiago ere badira noski.

Gizarte laguntza

Gizarte laguntza forma berriak agertu dira azken hamarkada hauetan, eta horrez gain, bizi itxaropena luzatzeak eta familia eredua aldatzeak gizarte laguntza behar berriak ekarri ditu. Sektore hau externalizazio kopuru handienetakoa duena da bai, baina baita gehien kooperatibizatu denetakoa ere.

Hezkuntza

Europar hezkuntza sistemak kontzertuak ezartzen ditu sare publikokoak ez diren hezkuntza erakundeekin. Honela ba, kooperatibizazio aukera asko agertzen dira, bai erabiltzaileen kooperatibak sortuz, bai langileenak edo bien arteko figurak erabiliz. Haur hezkuntzan daude esperientzia gehien Europan, eta Estatu batetik bestera dauden lege eta antolaketa ezberdintasunek berebiziko antolaketa aniztasuna ekarri baldin badute ere, hezkuntzaren unibertsalizazioan ekarpen handia izan dira kooperatiba hauek.

Turismoa

Kooperatibizazioa normalean kultura eta turismo azpiegituren gestioan gertatu da. Zerbitzuon erabiltzaileek harreman jarraiturik ez dutenez zerbitzuarekin ez dira kooperatibizatzen normalean, eta horregatik erabiltzaile kooperatibak baino hornitzaileenak izaten dira. Bestalde publiko-pribatu kolaborazio esperientziak zabaltzen ari dira turismo arloan.

Garraio zerbitzuak

Kasu honetan azpiegiturak egitea baino, zerbitzuen gestioa izan da kooperatibizatu dena, lanaren kooperatibizazioaren bidetik batez ere. Beharrezko jotzen diren azpiegituren finantzazioa izaten da eragileen kezka nagusienetakoa. Honekin batera kooperatibek behar besteko errentagarritasuna edukitzea ere kezka iturri izan ohi da, batez ere aktibitatea mantentzeko adinako inbertsioak egiteko adinakoa den ala ez.


Hurrengo postean enplegua, segurtasuna, ur hornidura, kultura, kirola, ingurumena eta energiaren kooperatibizazioaz jardungo dugu.

2012(e)ko maiatzaren 19(a), larunbata

Zerbitzu publikoak: pribatizazioaren aurrean zer? (II)

Aurreko postean tokiko zerbitzu publikoen mutualizaziorako aukerak eta bideak zeintzuk ziren aztertzekotan geratu ginen. Horri ekingo diogu beraz post honetan.
Kooperatibizatzeko moduak

  • Kooperatibizatze osoa: Zerbitzuaren gestioa kooperatibei edo ekonomia sozialeko entitateei transmititzea
  • Kooperatibizatze partziala: kontsortzio publiko-pribatu baten bidez, edo administrazioa bera parte izanez  zerbitzua gestionatzen duen entitate kooperatiboan.
Kooperatibizazio partzialaren aukerari erreparatuko diogu une batez. Formula hauek, batez ere kolaborazio publiko-pribatuarenek, aukera ematen diete kooperatibei inbertsio behar handiak dituzten zerbitzuetan sartzeko (argindar hornidura, ur hornidura eta abar esate baterako). Gainerakoan kooperatibek zailtasunak izaten baitituzte honelakoetara beren zeregina bideratzeko kapitala eskuratzeko dituzten oztopoak medio. 
Honela ba, administrazioaren esku hartzea zertan gauzatuko litzateke, eta zertarako izango litzateke? Zenbait aukera daude:
  • Arrisku kapitala ekarriko lukeen inbertsore modura
  • Laguntza eta ezagutza teknikoa ekarriko lukeen entitate modura
  • Zerbitzu hauen interes publikoaren bermatzaile modura

Kanporatutako zerbitzuak kooperatibizatzeko faktore nagusiak
Hainbat egoerek edo gora-beherek lagundu dezakete zerbitzu publikoen kooperatibizazioan:
  • Toki entitateen egoera finantziaroaren gaineko kezkek
  • Herri hazietan inbertsio behar handiek
  • Inguruko herrietan antzeko esperientziak egoteak
  • Kalitatea hobetzeko eta parte hartzea sustatzeko politikak martxan edukitzeak
Kooperatibizatzearen abantailak
  • Transkazio gastuak murriztu egiten dira modu nabarmenean
  • Entitate mutualistek malgutasun handia erakusten dute egoera ezberdinetan
  • Baliabide propioak garatzeko gaitasun handia izaten dute
  • Berrikuntzarako gaitasun handia izaten dute
  • Erabiltzaileekiko lotura 
  • Zerbitzuaren eta beronen beharren ezagutza handia
  • Ehundura sozialean izan ohi duten sustraitzea
Kooperatibizatze estrategiak
Zerbitzu publikoak kooperatibizatzerakoan hainbat bide erabil daitezke, egoeraren arabera. Honela gestioa pribatizatuta daukaten zerbitzuek akziodunez gain erabiltzaileak eta langileak sar ditzakete titularitatean. Hau kooperatibizate partziala izango litzateke. Aldiz, kooperatibizazio osorako aukera ere badago zuzenean ezaugarri formal hauek diten entitate bati emanaz kontratazio publiko bidez gestioa. Horretarako klausula sozialen aukera dago.
Hurrengo postetan ere gai honekin jarraituko dugu, sektorekako esperientzien berri emanaz, eta kontratazio publikoan duen eraginaz.

2012(e)ko maiatzaren 4(a), ostirala

Zerbitzu publikoak: pribatizazioaren aurrean zer? (I)

Honako post honekin gai berri bati ekin diogu blog honetan, eta hainbat eta hainbat udal ordezkarik egiten duten galdera bat jarriko dugu mahai gainean: zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku uzteak ba al du alternatibarik?
Noski, alternatiba zerbitzu horiek udal administrazioak bere langile eta bitartekoen bidez ematea izango da, baina zenbait kasutan hori ez da posible, zerbitzuak ez duelako behar besteko entitaterik edo aurreikusten den arriskua asumitzeko gaitasunik ez dutelako udalek. Bestalde arrazoi ideologikoak ere topa ditzakegu, batez ere zerbitzuak zuzenean administrazio publikoak ematea txarretsi egiten duten joerena, efizientziaren eta gastuaren aldetik hainbat arrazoi ematen dituztenena.
Zerbitzua zuzenean administrazio publikoak emateak alde onak eta alde txarrak baditu zalantzarik gabe. Baina zerbitzuaren prestazioa pribatizatzeak udal baten ikuspegi pragmatikoenetik bere alde onak eduki baditzake ere (zerbitzuaren bideragarritasuna finkatu artean arriskurik ez hartzea, kostuak murriztea...), alderdi txarrak ere baditu. Azken hauen aipamen laburra egingo dugu:

  • Kostu murrizketaren aldetik begiratuta, prestazioa ematen duen enpresak etekinak izango baditu normalena izango da bi alderditatik egitea murrizketak:
    • Prestazioa ematen duten langileen lan-baldintzetatik
    • Zerbitzuaren bera emateko behar den bitartekoetatik
  • Murrizketok zerbitzuaren kalitatearengan eragin nabarmena izan dezakete
  • Urrundu egiten da erabiltzaile eta zerbitzuaren azken erantzule den udalaren arteko harremana, tartean beste entitate bat sartzen baita, kontratua eskuratu duen enpresa. Honela erabiltzailearentzat ez da argia zeini dagokion erantzunak ematea eta arazoen konponbideak topatzea.
  • Bestalde, eta kontrata horrek enpresari ematen dizkion irabaziak ez dira zertan udalerrian edo beronen eskualdean berrinbertituko, askotan kanpoko enpresak izaten baitira eta bere akziodunen artean banatzeko izaten baitira.
Zerbitzuak mutualizatzearen aukera
Gestio publikoa eta gestio pribatuaren arteko dialektika gainditzeko zerbitzuen mutualizazioa bera aukera modura har daiteke. Ez da tarteko bide bat, edo behintza ez da derrigorra hala ulertzea nahiz eta mutualizazio kasu batzutan hala ikus daitekeen. Gestio publikoarengandik askoz gertuago dago, eta gainera zenbait kasutan zerbitzu publikoaren beraren helburuekin bat egiteko tresna interesgarriagoa izan daiteke.
Honez gain garapen lokalari ondo asko lotzen zaion aukera modura ere agertzen da zerbitzu publikoen mutualizazioa, izan ere tokiko enpresa ekimenak izan ohi baitira ekimen mutualista hauek, tokiari oso lotuak.
Honi gehitzen zaio gestio publikoaren eta pribatuaren onurak bere baitan biltzen dituela, besteak beste honakoak:

  • Inplikazioa, bi zentzutan:
    • Langileak baldin badira mutualizatutakoak:
      • Beraiek erabakitzen dutelako lan-baldintzen inguruan, eta horretarako balizko irabaziak konprometitu ditzakete
      • Langileek beraiek dute interesa zerbitzua bera kalitatez ematen, enpresaren jabe diren neurrian beraien intereseko baita kontratuak jarraitzea
      • Lanarekiko lotura handiagoa izan ohi da kooperatibizatutako zerbitzuetan
    • Zerbitzu emailea (udal administrazioa) eta erabiltzaileak mutualizatzeak zerbitzuaren kalitatearekiko eta kultura parte hartzaileagoarekiko konpromisoa adierazten duelako
  • Zerbitzuan inertitutakoa eskualdean geratuko da, bi arrazoirengatik:
    • Oinarri kooperatiboko enpresen sustraiak oso lokalal izan ohi direlako
    • Irabaziak lurraldean inbertitzeko konpromisoa eduki ohi dutelako
Mutualizazio politikak
Mutualizazio politiken orientazioa egitura hauen saretzea erraztera, kontratazio publikoan aintzat hartzera, garapen ekimenak horretara bideratzera, eta ekimenotan partaide izatera bidera daitezke besteak beste.

Amaitzeko...
Gai hau jorratuko dugun hurrengo postetan zerbitzuen mutualizaziorako aukerak eta bideak jorratuko ditugu.