2012(e)ko maiatzaren 4(a), ostirala

Zerbitzu publikoak: pribatizazioaren aurrean zer? (I)

Honako post honekin gai berri bati ekin diogu blog honetan, eta hainbat eta hainbat udal ordezkarik egiten duten galdera bat jarriko dugu mahai gainean: zerbitzu publikoak enpresa pribatuen esku uzteak ba al du alternatibarik?
Noski, alternatiba zerbitzu horiek udal administrazioak bere langile eta bitartekoen bidez ematea izango da, baina zenbait kasutan hori ez da posible, zerbitzuak ez duelako behar besteko entitaterik edo aurreikusten den arriskua asumitzeko gaitasunik ez dutelako udalek. Bestalde arrazoi ideologikoak ere topa ditzakegu, batez ere zerbitzuak zuzenean administrazio publikoak ematea txarretsi egiten duten joerena, efizientziaren eta gastuaren aldetik hainbat arrazoi ematen dituztenena.
Zerbitzua zuzenean administrazio publikoak emateak alde onak eta alde txarrak baditu zalantzarik gabe. Baina zerbitzuaren prestazioa pribatizatzeak udal baten ikuspegi pragmatikoenetik bere alde onak eduki baditzake ere (zerbitzuaren bideragarritasuna finkatu artean arriskurik ez hartzea, kostuak murriztea...), alderdi txarrak ere baditu. Azken hauen aipamen laburra egingo dugu:

  • Kostu murrizketaren aldetik begiratuta, prestazioa ematen duen enpresak etekinak izango baditu normalena izango da bi alderditatik egitea murrizketak:
    • Prestazioa ematen duten langileen lan-baldintzetatik
    • Zerbitzuaren bera emateko behar den bitartekoetatik
  • Murrizketok zerbitzuaren kalitatearengan eragin nabarmena izan dezakete
  • Urrundu egiten da erabiltzaile eta zerbitzuaren azken erantzule den udalaren arteko harremana, tartean beste entitate bat sartzen baita, kontratua eskuratu duen enpresa. Honela erabiltzailearentzat ez da argia zeini dagokion erantzunak ematea eta arazoen konponbideak topatzea.
  • Bestalde, eta kontrata horrek enpresari ematen dizkion irabaziak ez dira zertan udalerrian edo beronen eskualdean berrinbertituko, askotan kanpoko enpresak izaten baitira eta bere akziodunen artean banatzeko izaten baitira.
Zerbitzuak mutualizatzearen aukera
Gestio publikoa eta gestio pribatuaren arteko dialektika gainditzeko zerbitzuen mutualizazioa bera aukera modura har daiteke. Ez da tarteko bide bat, edo behintza ez da derrigorra hala ulertzea nahiz eta mutualizazio kasu batzutan hala ikus daitekeen. Gestio publikoarengandik askoz gertuago dago, eta gainera zenbait kasutan zerbitzu publikoaren beraren helburuekin bat egiteko tresna interesgarriagoa izan daiteke.
Honez gain garapen lokalari ondo asko lotzen zaion aukera modura ere agertzen da zerbitzu publikoen mutualizazioa, izan ere tokiko enpresa ekimenak izan ohi baitira ekimen mutualista hauek, tokiari oso lotuak.
Honi gehitzen zaio gestio publikoaren eta pribatuaren onurak bere baitan biltzen dituela, besteak beste honakoak:

  • Inplikazioa, bi zentzutan:
    • Langileak baldin badira mutualizatutakoak:
      • Beraiek erabakitzen dutelako lan-baldintzen inguruan, eta horretarako balizko irabaziak konprometitu ditzakete
      • Langileek beraiek dute interesa zerbitzua bera kalitatez ematen, enpresaren jabe diren neurrian beraien intereseko baita kontratuak jarraitzea
      • Lanarekiko lotura handiagoa izan ohi da kooperatibizatutako zerbitzuetan
    • Zerbitzu emailea (udal administrazioa) eta erabiltzaileak mutualizatzeak zerbitzuaren kalitatearekiko eta kultura parte hartzaileagoarekiko konpromisoa adierazten duelako
  • Zerbitzuan inertitutakoa eskualdean geratuko da, bi arrazoirengatik:
    • Oinarri kooperatiboko enpresen sustraiak oso lokalal izan ohi direlako
    • Irabaziak lurraldean inbertitzeko konpromisoa eduki ohi dutelako
Mutualizazio politikak
Mutualizazio politiken orientazioa egitura hauen saretzea erraztera, kontratazio publikoan aintzat hartzera, garapen ekimenak horretara bideratzera, eta ekimenotan partaide izatera bidera daitezke besteak beste.

Amaitzeko...
Gai hau jorratuko dugun hurrengo postetan zerbitzuen mutualizaziorako aukerak eta bideak jorratuko ditugu.

1 iruzkin:

  1. Neri oso arriskustu iruditzen zait, azken finean beste pribatizazio mota bat ari da proposatzen, atseginagoa igual, baina pribatizazioa. Gainera kooperatibak autoesplotaziorako tesna ezinobea dira.

    ErantzunEzabatu