2014(e)ko otsailaren 6(a), osteguna

Eskualdeak suspertzeko Aldundiaren 2014ko Programa hasteko, ehun pertsonarentzako enplegua sustatuko da Enkarterrin

http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia

• Helburu nagusia da autoenplegua sustatzea, batez ere gazteen, iraupen luzeko langabeen eta lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten 45 urtetik gorako pertsonen artean.
• Enkarterri izango da programan parte hartuko duen lehenengo eskualdea; 1.500.000 euro daude Enplegurako Aparteko Funtsaren jardueren barruan egingo den programa honetarako.
• Aurten, bi deialdi egingo dira; haietako bakoitzean, eskualdeko hamaika udalerrietako 50 parte-hartzaile aukeratuko dira. Horrez gainera, parte-hartzaileek hilean 350 euroko diru-laguntza jasoko dute prestakuntza-fasean eta negozio-plana egiteko fasean, eta, behin enpresa abiarazten dutenean, 5.000 euroko diru-laguntza bat.
• Programak 2013. urtean Ezkerraldean eta Meatzaldean izandako emaitzei esker, 123 pertsonak lortu dute lana urte horretan, eta 118 enpresa berri sortu dira.

Aurten, Enkarterrira helduko da Bizkaiko Foru Aldundiak Eskualdeak Suspertzeko sustatutako programa. Eta aurrez ikusten da lanik ez duten 100 pertsona lan-merkatura sartzea negozio berriak sortuz. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak programaren xehetasunak jakinarazi dizkie Artzentales, Alonsotegi, Balmaseda, Karrantza, Galdames, Gordexola, Güeñes, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zallako alkateei eta enpleguko zinegotziei. Aurten, helburua da ehun pertsonaren ibilbide profesionala bideratzea eta haietatik ehuneko 60k gutxienez autoenplegurako beren ekimena sortzea. Imanol Pradalesek gogorarazi du erakunde hauen lankidetza duela erronka hori lortzeko: udalak, Dema elkartea, Enkarterri Green, Behargintzak eta toki-garapenerako beste agentzia batzuk.
Ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu duenez, programa honek bi erronka ditu: batetik, langabezian dauden pertsonei aukera ematea beren ibilbide profesionala bideratzeko eta lan-merkatura itzultzeko eta, bestetik, enpresa-ehun berri bat behar duen eskualde honetan hazi eta garatzeko ahalmena duten negozio berriak sortzea. Programa hau hainbat eskualdetan egingo da, eta 1.500.000 euroko inbertsioa izango du 2014. urtean. Programaren onuradunak langabezian egon behar dira eta Enkarterriko udalerrietako batean erroldatuta; bereziki kontuan hartuko dira iraupen luzeko langabeak, hogeita hamar urtetik beherakoak, berrogeita bost urtetik gorakoak eta aurretik autoenpleguaren esperientzia izan dutenak.
Programan aurrez ikusita dago aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua ematea hiru fase hauetan: prestakuntzan, negozio-ideiaren garapenean eta enpresaren sorreran. Eskualdeak Suspertzeko Planean ezarritako laguntza ekonomikoa honelakoa da:onuradunek 350 euroko diru-laguntza jasoko dute lehenengo bi faseetan, eta, behin enpresa berria eratzen dutenean, 5.000 euroko beste bat, baldin eta enpresak gutxienez ere urtebete irauten badu aktibo. Aldundiak aurten programa honetarako bideratuko duen 1.500.000 euroko aurrekontua Enplegurako Aparteko Funtsetik dator. Funts horretarako, 4.000.000 euro daude guztira, eta, haren bidez, Ekonomia Sustatzeko Sailak lurralde historikoko ekonomia-ehuna pizteko jarduera berriak egingo ditu, Bizkaiko langabetuetan arreta berezia jarrita.
Ezkerraldean 2013. urtean lortutako emaitzak oso itxaropentsuak dira
Bizkaiko Foru Aldundiak Ezkerraldea Suspertzeko sustatutako Programari esker, 118 enpresa berri sortu dira 2013. urtean, eta 123 alta berri eman dira langile autonomoen araubide berezian. Ekonomia Sustatzeko Sailak honako helburua hau zuen iaz programa hori abiarazi zuenean: langabezian denbora luzea eman ondoren lan-merkatura itzultzeko zailtasun bereziak zituzten pertsonei lan-aukera bat ematea. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak adierazi duenez, Ezkerraldean lortutako emaitzak oso itxaropentsuak dira, espero zena nabarmen gainditu baitute. Izan ere, programan parte hartu duten berrehun pertsonetatik 123 hasi dira lanbide-jarduera berri batean Aldundiaren laguntzari esker, eta, horrez gainera, ezkerraldeak 118 enpresa berri daude programan parte hartu dutenen ahalegin, lan eta konpromisoaren ondorioz. 
Alta berrien ehuneko 38 emakumeei dagokie; adin-talde handiena berrogei urtetik gorakoena da, eta ehuneko 56 hamabi hilabete baino gehiago zeramatzan langabezian. Unibertsitateko tituludunak eta lanbide-heziketako goi-mailako gradua dutenak dira nagusi (% 58,5); lanbide-heziketako lehen zikloa edo bigarren hezkuntza dutenak gutxiago dira (% 22), eta lehen hezkuntza dutenak are gutxiago (% 19,5).  Negozio txikien artean, komertzio txikiak eta konponketak egitekoak dira gehienak, eta ekimenen laurdena osatzen dute (% 24,6).
Ondoren, zerbitzu profesionalak emateko negozioak daude (alta berrien % 19,5). Azkenik, jarduera hauek osatzen dute autoenpleguaren bideari ekion diotenen aukeren zerrenda: finantzak, aseguruak, enpresetarako zerbitzuak, energia, eraikuntza eta ostalaritza.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina