2014(e)ko otsailaren 6(a), osteguna

ALDUNDIAK BEHIN-BEHINEAN ONETSI DU MUNGIAKO LURRALDE PLAN PARTZIALA



http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia/

• Lehendakaritza Sailak dokumentu berri bat aurkeztu du, eta bertan jasotzen ditu bai herritarrek egindako proposamenak, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenean zein ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-txostenean galdatzen diren zehaztasunak.
• Foru Aldundiak ingurumenaren gaineko eraginaren behin betiko txostena eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Gobernu Kontseiluaren aste honetako bileran, behin-behinean onartu du Mungiako eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partziala. Dokumentu berri horretan proiektua jendaurrean jarri ondoren egindako aldaketak biltzen dira, hots, proiektuaren edukia hobetu eta aberasteko egokitzat iritzi zitzaien iradokizun eta oharrak.
Lehendakaritza Sailak txosten tekniko bat aurkeztu zuen 2013ko azaroan. Bertan, dokumentu berri hau egingo zela jakinarazten zen, eta adierazten zen dokumentu horrek, herritarren iritziaz gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostenean zein ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-txostenean galdatzen diren zehaztasunak ere jasotzen dituela.
Bada, dokumentu berri hori onetsita, proiektua hobetzen parte hartu duten herritar, administrazio eta entitate guztiei aurkeztuko zaie foru erabaki hau. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak ingurumenaren gaineko eraginaren behin-betiko txostena eskatuko dio Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari, hark erregulatzen baitu ingurumenaren gaineko eraginaren baterako ebaluazio-prozedura.
MUNGIAKO LPPa
Mungiako eremu funtzionaleko Lurralde Plan Partzialak helburu hauek ditu (eremu horretan hauek sartzen dira: Arrieta, Bakio, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe, Meñaka eta Mungia sartzen dira bertan): proiektuak eragiten dien udalerrien planen berrikusketa bideratzea; eskualde horretarako jarduketa estrukturalak definitzea, lurzoruari, azpiegiturei eta ekipamenduei dagokienez, eta proposamen eta politika sektorialak bideratzeko nahiz bateragarri egiteko irizpideak ezartzea.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2012ko azaroaren 27an eman zion hasierako onespena LPPari. Onestearekin batera, proiektua jendaurrean erakusteko bi hilabeteko epea zabaldu zen, eta epe hori, gero, 2013ko apirilaren 30era arte luzatu zen. Bada, epe horretan zehar dokumentua herritarren eskura jarri zen, herritarren parte-hartzea sustatzearren. Azkenean, 44 idazki jaso dira iradokizunekin, bai www.bizkaia.net webaren bitartez, bai Lurralde Antolamendurako Atalaren bulegoan zuzenean aurkeztuta. Idazkiok, jatorriaren arabera, honela banatu dira: 9 idazki udalenak izan dira; 3, alderdi politikoenak; 11, lurralde-erakundeenak; 6, elkarteenak, eta 15, berriz, partikularrenak.
LURRALDEKO LURRALDE PLAN PARTZIALAK
Mungiako LPP bezala, Gernika-Markinako plana ere jendaurrean jarri da, herritarrek parte hartu eta beren hobekuntza-proposamenak aurkez ditzaten. Orain, behin-behineko onespenaren aurreko alegazioei erantzuteko aldian dago plana.
Gaur egun, Bizkaian lau plan partzial hauek daude behin betiko onartuta: Bilbo Metropolitarrekoa, Igorrekoa, Durangokoa eta Balmasedakoa. Herritarrei zerbitzua eta informazio gardena emateko, Igorre, Durangoko eta Bilbo Metropolitarreko planak, hots, Aldundiak eginikoak direnak www.bizkaia.net web orrian daude ikusgai; han, informazio guztia irakurri eta azter daiteke.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina