2014(e)ko urtarrilaren 27(a), astelehena

BILBAO-BIZKAIAK BERE PRODUKTU TURISTIKO BERRIAK AURKEZTUKO DITU FITUR AZOKAN

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak "be basque" eskaintza abiarazi dute lau aldizkaritan
Bilbao FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Koparen aurreko faseko egoitza ofiziala izatea Euskadiren standaren alde erakargarrienetako bat izango da Fitur-en.
Bilbao-Bizkaiak hiri destino eta kultura, kostaldea, natura eta gastronomia eskaintzen dituen euskal unibertsorako sarrera gisa sustatuko du bere burua Madrilgo Azokan.
Bilbao-Bizkaia Fitur-ekin urtero daukan hitzordura joango da; Fitur turismoaren arloko munduko bigarren azoka garrantzitsuena da, eta Madrilen egingo da, urtarrilaren 22tik 26ra bitartean. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak stand moderno bat partekatuko dute Eusko Jaurlaritzarekin, eta bertan Bilbao-Bizkaiaren "be basque" estrategia eta marka sustatuko dute lau aldizkari berriren bidez. Argitalpen landu horiek bi erakundeek aspalditik garatzen duten turistak erakartzeko politika indartu, eta bi eguneko batez besteko egonaldia luzatzeko berezko nortasuna eta alde erakargarri nahiko dituen eskaintza turistikoa bistaratu nahi dute.
Aurkezpen katalogo berriak
Hiria eta lurraldea turismo aldetik sustatzeko estrategia bera daukaten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak oso proposamen erakargarriak eskainiko dituzte Madrilen, arlo hauek erreferentziatzat hartuta: hiri kultura, kostaldea, natura eta gastronomia.
  • City & Experience. Aldizkariak Bilbo hiri helmuga gisa agertzen du, hiriaren gune turistikoa Bilbo administratiboa baino handiagoa dela eta metropoli arloa Bilbori lotutako hiri gune turistikoa dela ulertuta. Arreta berezia eman zaie itsasadarraren bi ertzetako udalerriei.
  • The Sea in its soul. Aldizkariak Bizkaiko alde erakargarriak agertzen ditu: marinel herri harrigarriak, surfa egiteko hondartza ikusgarriak, labarretako ibilaldiak, kostaldeko ohiko sukaldaritza...
  • Naturally!! Bilboko eta Bizkaiko natur guneak eta parkeak liburuxka honetako protagonistak dira. Zerurantz doazen mendiak, larre lasaiak agertzen dituzten haranak, ortuak dituzten baserriak, bide berdeak...
  • Gastronomy & Enotourism. Euskal sukaldaritza ospetsua aldizkari honetako leitmotiva da, bertan Bizkaiko plater gozoak, lurreko produktuak edo azoka ikusgarriak nabarmentzen direla.
Fiba 2014 saskibaloiko munduko kopa
Bilbao-Bizkaiak FITUR-eko hitzordua aprobetxatuko du FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Kopako egoitza den aldetik bere burua sustatzeko. Informazio triptikoa banatzeaz gain, hainbat jarduera antolatu dira, adibidez, saskibaloiko mitoak han izatea, esaterako, Femando Romay. Abuztuaren 30etik irailaren 4ra bitartean Bilbo saskibaloi onenaren munduko erreferentzia bihurtuko da. Bilbao Exhibition Centre (BEC) esparruko pabilioietako bat den Bizkaia Arenak FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Koparen aurreko faseko 15 partidu hartuko ditu, guztira. FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Koparen beste eszenatoki batzuk honako hauek dira: Bilbao Arena, entrenamendu pista gisa erabiliko dena, eta La Casilla pabilioia, saskibaloiaren zaleentzat eta pertsona guztientzat, oro har, hainbat jarduera eskainiko dituena.

2014(e)ko urtarrilaren 21(a), asteartea

Administrazio Kontseiluaren esku utzi du Busturialdea S.A.k Gernika-Lumoren proposamena

 


Busturialdea S.A.-k Gernika-Lumoko Ibarrean ere jardun dezan eskatu zuten herri horretako udal arduradunek, eta proposamen hori elkarte anonimoaren Administrazio Kontseiluaren esku utzi dute. Akziodunen batzarrari egin zion proposamena Gernika-Lumoko Udalak, baina azaroaren 28ko batzarrean zehaztu zuten erabaki hori hartzea Administrazio Kontseiluari dagokiola. Dena den, akziodunek diotenez, bideragarritasun txostena aurkezteko eskatu zioten Gernika-Lumoko Udalari, eta oraindik ezer ez dutela aurkeztu kritikatu dute.

Busturialdea S.A.-ren barruan dauden SPRILUR, S.A.-k eta  Azpiegiturak S.A.-k, hala ere, Muxikako poligonoaren aldeko apustua berretsi zuten azaroane gindako batzarrean. Gernika-Lumoko Ibarrean jarduteko aukera aztertu arren, Muxikako industrialdean dagoeneko 11 milioi euro inbertitu dituztela gogorarazi zuten akziodunek. Hori dela eta, kezka agertu dute, Muxikako proiektuan atzerapenak eman direlako.

Bilboko Blanco arropa enpresa Saudi Arabiako Alhokair konpainiak erosi du

 

http://bizkaia.hitza.info

Duela hirurogei urte Bilbon sortu zuten Blanco ehungintza enpresa, eta orain Saudi Arabiako Alhokair enpresaren eskuetara igaroko da. 40 milioi euroren truke erosi du azken hilabeteetan krisiaren ondorioak gogor astinduta zebilen Bernardo Blancoren konpainia. 2010ean hasi zuen gainbehera. Bankuekin 50 milioi eurora arteko zorrak egin zituen.

Bilboko enpresan lanean ari diren beharginak lasai daude oraingoz. Izan ere, konpainia berriak 1.200 langileak mantentzeko konpromisoa hartu du. Ehungintzan esperientzia duen enpresa da Alhokair; bederatzi herrialdetan 1.400 saltoki ditu.

Blanco enpresak, iaz, guztira, 45 denda itxi behar izan zituen arazo ekonomikoak tarteko. Bilbon bertan, bakarra utzi zuten zabalik —Ertzilla kalekoa—, eta gainerako biak zarratu egin zituzten.

2014(e)ko urtarrilaren 20(a), astelehena

Abanto-Zierbenako Industrialdeak zoladura foto-katalizatzaileak jarriko ditu El Campillo poligonoan

  • Abanto-Zierbenako Industrialdea, S.A.-ko partaide dira Sprilur, Bizkaiko Foru Aldundia eta Abanto-Zierbenako Udala.
  • Ingurumen arloko neurri zuzentzaile berritzaile hau aparkaleku-gunea izateko den 1.400 metro koadroko sail bati aplikatuko zaio.
  • CO2 atzemateko gaitasun handia duten galtzada harriak erabiliz, ezarritako metro koadro bakoitzak 5.000 metro kubiko aire garbituko ditu bizitza erabilgarri osoan.
 
Sprilur, Bizkaiko Foru Aldundia eta Abanto-Zierbenako Udala partaide dituen Abanto-Zierbenako Industrialdea S.A. sozietate publikoak Hirigintza eta Eraikuntza Proiektuen Garapen Iraunkorrerako Gidek jasotzen dituzten ingurumen-neurri zuzentzaile berritzaileenetako bat aplikatuko du.
Aireko CO2a atzemateko gaitasun handiko galtzada-harrizko zoladura bat jarriko dute Abanto-Zierbenako El Campillo poligonoan, A-2 Eraikineko pabilioien birgaikuntza lanetan. Zoladura foto-katalizatzaile hori 1.400 m²ko eremu batean ezarriko dute, gero aparkaleku bihurtuko dena.
Galtzada-harri horren osagai nagusia kaltzio hidroxido optimizatua da. Elementu horrek CO2 kopuru handiak atzeman ditzake eta kaltzio karbonato bihurtu. Neurri zuzentzaile horri esker zoladura foto-katalizatzailea duen metro koadro bakoitzak 5.000 m3 aire optimizatu ditzake bere bizitza erabilgarrian zehar.
Gainera, galtzada-harriak erabat material birziklatuekin fabrikatzen direnez, segurtatua dago hirigintza eta eraikuntza proiektu eta lan guztietan aplikatzen den ingurumen konpromisoa handiagoa dela.
Ingurumen neurri zuzentzaile honek bete egiten ditu Hirigintza eta Eraikuntza Proiektuen Garapen Iraunkorretako Gidetan zehaztutako gomendioak, 2007az geroztik Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Azpiegitura Arloak aplikatzen dituenak alegia.
Ingurumen kudeaketarako estrategia berri gisa, Sprilur EMAS III Ingurumen Ziurtagiria lortzeko lanetan ari da, lehendik eskuratua duen Ekoscan zabalduz lan aktiboagoa egiteko ingurumenaren kudeaketa, aplikazio eta hobekuntza politika aurreratuak aztertzen eta identifikatzen.
El Campillo industrialdeko eraikinen birgaitze-lanak 6.300 m²ko azalerako pabilioi eremu batean egiten ari dira. Guztira 9 nabe dira, 5 (3.600 m²) Abanto-Zierbenako Industrialdea S.A. sozietatearenak eta gainerakoak (beste 2.700 m²) Kaiku eta Arcosan enpresarenak. Birgaitze lanek 12 hilabete iraungo dute eta amaituta egongo dira maiatzean. Proiektu honetarako 1,2 milioi euroko inbertsioa egin da.
Ezkerraldeko industria sustatzeko historikoki egin duen lan-lerroari jarraituz, Abanto-Zierbenako Industrialdea S.A.k, El Campillo pabilioi industrialez gain, beste bi enpresa-gune kudeatzen ditu Ortuellan (Granada eta Abra Industrial). Guztira, 134.649 m² gordin horietatik 15.297 m² lurzoru urbanizatuko lursailak egiteko izango da, 51.089 m² pabilioi modularrak egiteko eta 3.030 m² bulegoetarako. Une honetan 1.075 langile enplegatzen dituzten 74 enpresa daude kokatuta eremu horretan.
 

2014(e)ko urtarrilaren 13(a), astelehena

Prestakuntza ikastaroak urtarrilean ustiategien kudeaketa eta natur ingurunea hobetzeko

 

Horretarako, urtarrilean hainbat ikastaro eta hitzaldi egingo dira.

Aurten nekazaritza- eta ingurumen-laguntzen onuradun diren 174 abeltzainek, urtarrilean, hainbat prestakuntza-ikastaro eta -hitzalditan parte hartuko dute, euren ustiategien kudeaketa eta natur ingurunea hobetzeko. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren ekimenez, HAZIrekin eta Europako Batzordearekin - Landa Garapeneko Nekazaritzako Europar Fondoarekin lankidetzan, prestakuntza saioen helburu bikoitzak "pertsona hauek nekazaritza eta ingurumen neurrien alde egiten duten apustu irmoa berresten du. Horregatik, prestakuntza hau eskaintzen dugu, kudeaketa egokia egiteko", azpimarratu du Irene Pardo aldundiko Nekazaritza diputatuak.

Foru dekretuz ezarritako nekazaritza eta ingurumen laguntzen onuradun direnez gero, pertsona horiek nahitaez etorri behar dira prestakuntza eta praktika jarduera horietara. Jarduerok aldundiko Nekazaritza Saileko eta Lorra kudeaketa zentroko teknikariek emango dituzte. Bigarrenez ematen dira, izan ere, abenduan hasi ziren, nekazariei zuzenduta. Jasotako prestakuntza horrekin lotuta, 301 ustiategiek, 2012an nekazaritza- eta ingurumen-prestakuntza jaso zuten 200ekin batera, guztira, 500 onuradun batzen dituzte, 800etik gora nekazaritza- eta ingurumen-konpromisorekin.

Hitzaldien egutegia hau da:
- Asteazkena, urtarrilak 15, 15:30ean, Matienako Txanporta Kultur Etxean. Hor, Markinako 14 ustiategik eta Durangoko 11k parte hartuko dute. 
- Osteguna, urtarrilak 16, 15:30ean, Igorreko Kultur Etxean. Hor, udalerriko 30 ustiategik parte hartuko dute.
- Asteartea, urtarrilak 21, 12:00etan, Karrantzako GUVACen. Hor, udalerriko 41 ustiategik parte hartuko dute.
- Asteartea, urtarrilak 21, 15:30ean, Balmasedako Kultur Etxean. Hor, udal mugarteko 45 ustiategik parte hartuko dute.
- Asteazkena, urtarrilak 22, 15:30ean, Derioko Nekazaritza Eskolan. Hor, Mungiako 16 ustiategik eta Gernikako 17k parte hartuko dute.

2,06 milioi, %8 gehiago, nekazaritza- eta ingurumen-neurrietarako 2014an
Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak 30,6 milioi euro izango ditu datorren urteari aurre egiteko: 2012an baino %3,03 gehiago, aldundiaren aurrekontu igoera globalarekin bat etorriz. Irene Pardo Nekazaritza Saileko diputatuak orain dela hilabete Bizkaiko Batzar Nagusietan hitz egin zuen, Batzar Nagusietako talde politikoei 2014ko aurrekontu proiektua aurkezteko. Orduan azaldu zuen nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektoreei laguntza zuzenagoa ematen dieten kredituak hobetsi direla. Horregatik gehitu dira sail honen estrategian funtsezkoak diren ildoei dagozkien aurrekontuko partidak, hau da, nekazaritza eta ingurumeneko neurriak: 2,06 milioi euro, %8ko igoerarekin.

2014(e)ko urtarrilaren 3(a), ostirala

EKAI Center EUSKADI IRRATIAn: Bilbon gaurtik erabilgarri da EKHI txanpona

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak metroaren 3. linea 2016an abiarazi ahalko dela aurreikusi dute

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten abenduak 27an Bilbon, Etxebarriko San Antonio/Matiko 3. metroko linea 2016an abiarazteko beharrezko finantzazioa bermatzeko. Protokolozko ekitaldia laster Zurbaranbarriko geltokia izango denean egin da, eta Bizkaiko ahaldun nagusi José Luis Bilbao, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi eta Ogasuneko sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria izan dira bertan, baita Bilboko alkate Iñaki Azkuna, Etxebarriko alkate Loren Oliva, Itziar Garamendi foru-diputatua eta Garraioko sailburuorde Antonio Aiz ere.
2013-2016 aldirako akordio berri honen arabera, Bilboko metroaren 3. linea eraikitzeko amaierako kostua 279 milioi eurokoa izango da, eta erdibana ordainduko dute Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak -ETS-RFV erakundearen bitartez- eta Bizkaiko Foru Aldundiak.
Bi erakundeek ordainduko dituzten urteko kuotak zehazten ditu hitzarmenak:

Finantziaketa
2013
2014
2015
2016
Eusko Jaurlaritza
15.400.000
21.000.000
22.000.000
19.002.189
Bizkaiko Foru Aldundia
15.400.000
21.000.000
23.000.000
24.390.693
 
Zerbitzua
Hirugarren lineak tren-loturak eskainiko ditu 7,5 minutuan behin Etxebarri eta Matiko artean, eta 70.000 pertsonari baino gehiagori emango die zerbitzua; hala, trenbide metropolitarraren geltoki bat izango dute horiek etxetik 10 minutura baino gutxiagora.
Hirugarren linearen trazatuak 5.885 metro ditu, eta zazpi geltoki: Etxebarriko San Antonio, Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Casco Viejo (alde zaharreko geltokia), Uribarri eta Matiko; guztiak ere Norman Fosterrek Bilboko metroko 1. eta 2. lineetarako diseinaturikoen tipologia berekoak.
Hala, Otxarkoagatik Bilboko erdialdera joan nahi duen pertsona batek bost minutu baino ez ditu behar izango. Txurdinagatik, lau minututik behera iraungo du bidaiak.
Zurbaranbarriko geltokiari esker -sarbideak ditu auzoaren goiko eta beheko aldean- bi minutu baino gehixeago baino ez da beharko alde zaharreko geltokira iristeko.
Uribarriko geltoki berriak bost sarbide izango ditu, ahalik eta pertsona gehienei zerbitzua emateko. Matikoko geltokia (Tivoli kalean), berriz, lurperatu egingo da, eta atari berri bat zein igogailua duten nasak eta sarbideak egingo dira bertan. Artasamina aldean ere estali egingo da trenbidea; ondorioz, trenbide-lubakia kenduko da, eta auzo horretan bizi diren pertsonentzat beste gune publiko bat sortuko da. Matiko eta Alde Zaharreko geltokien arteko bidaia-denbora 3,30 minutukoa da, gutxi gorabehera.
Trenbide-eragiketa horren zentro neuralgiko bat Alde Zaharreko geltoki berria izango da; 2014an esleitzea aurreikusita dago, eta geltoki intermodal gisa funtzionatuko du, metroko 1. eta 2. lineekin lotzea ahalbidetuta, baita tranbiarekin eta Euskotreneko Txorierriko linearekin ere.
Alde zaharreko geltokia eraikitzeak oraingoa eraistea ekarriko du. Proiektatutako geltoki berriak oraingoaren eskema funtzional bera izango du.
Hirugarren lineak, batik bat, Bilbo iparraldeko auzoei emango die zerbitzua baina, horretaz gain, Bermeo, Durango edo Eibarretik datozen pertsonak hiriburuko erdialdera iristea ere ahalbidetuko du, bai eta Txorierrik, jada eraikitzen ari diren Artxandako tunel berriaren bidez, metro-sarearen gainerakoarekin beste trenbide-lotura bat edukitzea ere.
Era horretan, nabarmen hobera egingo du Txorierri, Durangaldea eta Urdaibai eskualdeetako zerbitzuaren funtzionalitateak Bilbo Metropolitarrari dagokionez, zerbitzu publikoaren eskaintza modu erakargarri eta eraginkorrago batez integratuko baitu.
Hitzarmen berriaren sinadura-ekitaldiaren ostean, ahaldun nagusi José Luis Bilbaok zera ziurtatu du: «Azpiegitura berri horren atzean giza ahalegin eta ahalegin tekniko eta ekonomiko izugarria dago, eta argi eta garbi erakusten du Bizkaiak konpromiso sendoa duela Bilboren eta Etxebarriren orainarekin eta etorkizunarekin, metroa igarotzen den udalerri guztiekin izan duena bezalakoxea». José Luis Bilbaok azpimarratu duenez, «gaurko ekitaldia erakundeen konpromisoari eta herritarrekiko eta udalerriekiko konpromisoari esker egin ahal izan dugu».
Ana Oregik sailburuak adierazi duenez, «Durangalde, Urdaibai eta Txorierriko garraio publikoaren eskaintza optimizatzea ahalbidetzen du trenbide-irtenbide horrek, Bilbo Metropolitarrarekiko trenbide-komunikazioak hobetuta; Txorierri EuskoTrenen sarearekin lotzea, eta, azkenik, komunikazioak bultzatzea eta hobetzea, bai Bilbo Handiarekin, bai aurretik aipatutako eskualdeen artean. Hau da, Durango edo Otxarkoagatik Zamudioraino trenez aldatu gabe bidaiatzeko aukera izango da».

Lanak
Oro har, BTMko 3. lineako lanak normaltasunez garatu dira, etorkizunean Txurdinagako geltokia egongo den tartean izan ezik, haren hondeaketa aldatu behar izan baitzen lantaldeek eremu karstiko bat topatu zutelako. Geltokian bertan eta hara iristeko tuneleko tarteetan eragiten du eremu horrek. Hartutako irtenbide teknikoa onartu ondoren, hondeaketari berrekin diote aurtengo udan. Gainerako zatiak, tunelak zein leizeak, amaiturik daude jada, baita haien estaldurak ere.
Ana Oregik bereziki azpimarratu du «Eusko Jaurlaritzak garraio-azpiegitura izugarri honen diseinuarekin eta gauzatzearekin» duen konpromisoa, eta honakoa erantsi du: «Lineak onura zuzena ekarriko die Bilbo iparraldeko auzoetako 82.000 emakumeri eta gizoni baino gehiagori, eta bermeotarrei, durangarrei eta eibartarrei hiriburura iristeko aukera eskainiko die, Txorierri, eraikuntza-prozesuan den Artxandako tunel berriaren bitartez, metroaren gainerako sarearekin lotuko duen trenbide-lotura berri bati esker».
Sailburuaren ustez «egun Bilboko metroak urtean eskaintzen dituen 90 milioi bidaiak biderkatu egingo dira laster zerbitzuan ikusiko dugun linea berriari esker. Era horretan, hobera egingo du Txorierri, Durangaldea eta Urdaibai eskualdeetako zerbitzuaren funtzionalitateak Bilbo Metropolitarrari dagokionez, zerbitzu publikoaren eskaintza modu erakargarri eta eraginkorrago batez integratuko baitu».

Kalitatea
Ana Oregik gogorarazi duenez, «3. lineari esker hobetu egingo da, halaber, gure auzoetako eta udalerrietako bizi-kalitatea eta ingurua, autoak denbora luzeagoz egongo baitira geldirik Txurdinagatik erdialdera minutu gutxian iristeko aukera dugunean. Metroa garraiobide jasangarri nagusietako bat da».
Euskadiko garraioaren arloko arduradun nagusien hitzetan «"Hiriko trenbide"aren -erabilitako azpiegitura, maiztasunak, estazioen arteko distantzia, eta abar- definizio klasiko baten arabera, metroa duten 180 hiri daude eta, guztira, 7.000 kilometro inguru linea. Sarerik handienak New Yorkekoa, Shangaikoa, Beijingoa eta Kantongoa dira, eta azken horiek etengabe jarraitzen dute hazten. Pixkanaka, Bilbo zerrenda horretan sartzeko bidean da».
«Bilbok eta bere inguruneak, eta haiekin Bizkaia osoak, garapenerako aukera gehiago izango dituzte». Laurogeiko hamarkadatik, ezinbestekoa izan da jarraitu beharreko noranzkoa goizero aurreikustea eta argi eta garbi zehaztea, hartara, Euskadin biztanle gehien dituen lurraldeko giza garapenean eta garapen ekonomikoan ematen ari garen urratsak hari egokitzeko», aipatu du Oregik.
Amaitzeko, honakoa erantsi du sailburuak: «Zorionez, hemengoa kontzertazio eta erakundeek ondo planifikaturiko lanaren adibide garbia da». Udalek, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendoa dugu gure pertsonekin eta herritarrekin, eta mota guztietako ezbeharrak gainditzen ari gara, Bizkaia eta, harekin batera, Euskadi osoa punta-puntako lurralde bilakatzen eta harentzat etorkizun oparoa eraikitzen».


Albistearen iturria:  Euskadi.net


Logo

2014(e)ko urtarrilaren 2(a), osteguna

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK IGORREKO ZABORTEGIA ITXI DU

Zabortegiaren itxierarekin Bizkaiko Foru Aldundiak zabortegiak astiro-astiro ixten joateko hartutako konpromisoa beteko da. Igorrekoak urte eta erdiz edo bi urtez gehiago hondakinak jasotzeko ahalmena luke, gutxi gorabehera. 

2013ko abenduaren 31n hiri hondakinez betetako azken kamioia sartuko da Igorreko zabortegian. Bizkaiak itxi egin du azpiegitura hori, hondakinen kudeaketari dagokionez erakundeak hartutako konpromisoa betetzeko, baita Igorreko Udalarekin hartutako konpromisoa betetzeko ere. Izan ere, 1987tik zabortegia udalerri horretan egon da.
Lemoa eta Igorre artean dagoen Urkizu auzoan, 7 hektareako azalera batean, 1.081.928 tona hiri hondakin utzi dira guztira. Bota diren hondakinak birrintze eta trinkotze bidez tratatu dira, birringailu-trinkotzaile 2 behin eta berriro pasatuta. Gero, lurrekin estali dira egunero.
Edonola ere, zabortegia ez dago guztiz beteta; urte eta erdi edo bi urte gehiagorako bizitza izan dezake. Hala ere, zabortegia itxi egin da, Aldundiak zabortegiak astiro-astiro ixten joateko hartutako konpromisoa betetzeko.
Adostasun maila handiarekin Batzar Nagusietan onartutako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plana betetzen ari da Bizkaia.  Europako gidalerroak beteta, gainera. Jada 2012ko irailean, Europako Parlamentuak hau eskatu zion Batzordeari: hondakinen bilketa arrazionalizatzeko, hondakinen hierarkia eta hondar-hondakinak guztiz desagerrarazteko beharra kontuan hartuta. Eta, ondorioz, Europa mailan, pixkanaka, hondakinen zabortegiak debekatzeko eta birziklatzeko eta konposta egiteko erabili ahal diren hondakinen errausketa apurka-apurka desagerrarazteko proposamenak aurkezteko eskatu zion.

Ixteko lanak
Igorreko zabortegian ixteko hainbat lan egin dira, sortutako lixibiatuen bolumena gutxitzeko eta zabortegiaren ingurumena leheneratzea azkartzeko. Ixteko lanen inbertsioa, guztira, 1.590.400 eurokoa izango dela zenbatetsi da.
Lehenengo obra 2005eko maiatzetik abendura bitartean egin zen, 32.000 m2-ko azalera batean. Behin betiko ixteko bigarren obra partziala 2009ko apiriletik uztailera bitartean egin zen, 11.500 m2-ko azaleran.
2010, 2011 eta 2012. urteetan, aldi baterako estaltze-lanak egin ziren. Horretarako, dentsitate altuko polietilenozko geomintzak (1 mm-ko lodiera) erabili ziren, geoehun baten gainean jarrita. Itxiera hauetako bakoitzak 5.000 m2 hartzen ditu, eta haien xedea da behin-behinekoz estalitako guneetan lixibiatu gutxiago sortzea, zabortegia behin betiko ixteko obra egin arte.

Transferentzia-gunea
Bizkaiko Foru Aldundiak 2013ko abuztuan hasi zituen Igorreko Hiri Hondakinen Transferentzia-gunea eraikitzeko lanak. Instalazio horietan eskualde horretako hondakinak jasoko dira, prentsatzeko eta azken helmugara eramateko. Garbiker sozietate publikoak gauzatuko duen proiektu honetan 2 milioi euroko inbertsioa egingo da.
Azpiegitura berria itxiko den zabortegiaren ondoan egongo da. Horrek orain dauden baliabideen optimizazioa ahalbidetuko du, baskula eta kontrolerako eraikina erabiltzen jarraitzeko aukera egongo baita.
Proiektu honen onura garrantzitsuenen artean, zabortegiaren itxieraz gain, hauek nabarmendu behar dira: Arratiako Mankomunitateko udalerriei (urtean 5.000 tona inguru sortzen dituzte) eskainitako zerbitzua hobetuko da eta garraioaren kostuak murriztuko dira. Hau da, Arratian bildutako hiri hondakinak Igorren trinkotuko dira, eta, handik, azken helmugara eramango dira; beraz, abantaila ekonomiko bat izatea eta kamioien joan-etorriak murriztea eragingo du.
Nabarmentzekoa da transferentzia-gune honetan hondakin handiak (altzariak, koltxoiak), inausketen eta lorezaintzako hondakinak eta 5. edukiontzikoak ere jasoko direla.

Albistearen iturria: Bizkaiko Foru Aldundia