2014(e)ko otsailaren 6(a), osteguna

Eskualdeak suspertzeko Aldundiaren 2014ko Programa hasteko, ehun pertsonarentzako enplegua sustatuko da Enkarterrin

http://www.bizkaia.net/home2/bizkaimedia

• Helburu nagusia da autoenplegua sustatzea, batez ere gazteen, iraupen luzeko langabeen eta lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten 45 urtetik gorako pertsonen artean.
• Enkarterri izango da programan parte hartuko duen lehenengo eskualdea; 1.500.000 euro daude Enplegurako Aparteko Funtsaren jardueren barruan egingo den programa honetarako.
• Aurten, bi deialdi egingo dira; haietako bakoitzean, eskualdeko hamaika udalerrietako 50 parte-hartzaile aukeratuko dira. Horrez gainera, parte-hartzaileek hilean 350 euroko diru-laguntza jasoko dute prestakuntza-fasean eta negozio-plana egiteko fasean, eta, behin enpresa abiarazten dutenean, 5.000 euroko diru-laguntza bat.
• Programak 2013. urtean Ezkerraldean eta Meatzaldean izandako emaitzei esker, 123 pertsonak lortu dute lana urte horretan, eta 118 enpresa berri sortu dira.

Aurten, Enkarterrira helduko da Bizkaiko Foru Aldundiak Eskualdeak Suspertzeko sustatutako programa. Eta aurrez ikusten da lanik ez duten 100 pertsona lan-merkatura sartzea negozio berriak sortuz. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak programaren xehetasunak jakinarazi dizkie Artzentales, Alonsotegi, Balmaseda, Karrantza, Galdames, Gordexola, Güeñes, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zallako alkateei eta enpleguko zinegotziei. Aurten, helburua da ehun pertsonaren ibilbide profesionala bideratzea eta haietatik ehuneko 60k gutxienez autoenplegurako beren ekimena sortzea. Imanol Pradalesek gogorarazi du erakunde hauen lankidetza duela erronka hori lortzeko: udalak, Dema elkartea, Enkarterri Green, Behargintzak eta toki-garapenerako beste agentzia batzuk.
Ekonomia Sustatzeko diputatuak azpimarratu duenez, programa honek bi erronka ditu: batetik, langabezian dauden pertsonei aukera ematea beren ibilbide profesionala bideratzeko eta lan-merkatura itzultzeko eta, bestetik, enpresa-ehun berri bat behar duen eskualde honetan hazi eta garatzeko ahalmena duten negozio berriak sortzea. Programa hau hainbat eskualdetan egingo da, eta 1.500.000 euroko inbertsioa izango du 2014. urtean. Programaren onuradunak langabezian egon behar dira eta Enkarterriko udalerrietako batean erroldatuta; bereziki kontuan hartuko dira iraupen luzeko langabeak, hogeita hamar urtetik beherakoak, berrogeita bost urtetik gorakoak eta aurretik autoenpleguaren esperientzia izan dutenak.
Programan aurrez ikusita dago aholkularitza eta laguntza pertsonalizatua ematea hiru fase hauetan: prestakuntzan, negozio-ideiaren garapenean eta enpresaren sorreran. Eskualdeak Suspertzeko Planean ezarritako laguntza ekonomikoa honelakoa da:onuradunek 350 euroko diru-laguntza jasoko dute lehenengo bi faseetan, eta, behin enpresa berria eratzen dutenean, 5.000 euroko beste bat, baldin eta enpresak gutxienez ere urtebete irauten badu aktibo. Aldundiak aurten programa honetarako bideratuko duen 1.500.000 euroko aurrekontua Enplegurako Aparteko Funtsetik dator. Funts horretarako, 4.000.000 euro daude guztira, eta, haren bidez, Ekonomia Sustatzeko Sailak lurralde historikoko ekonomia-ehuna pizteko jarduera berriak egingo ditu, Bizkaiko langabetuetan arreta berezia jarrita.
Ezkerraldean 2013. urtean lortutako emaitzak oso itxaropentsuak dira
Bizkaiko Foru Aldundiak Ezkerraldea Suspertzeko sustatutako Programari esker, 118 enpresa berri sortu dira 2013. urtean, eta 123 alta berri eman dira langile autonomoen araubide berezian. Ekonomia Sustatzeko Sailak honako helburua hau zuen iaz programa hori abiarazi zuenean: langabezian denbora luzea eman ondoren lan-merkatura itzultzeko zailtasun bereziak zituzten pertsonei lan-aukera bat ematea. Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak adierazi duenez, Ezkerraldean lortutako emaitzak oso itxaropentsuak dira, espero zena nabarmen gainditu baitute. Izan ere, programan parte hartu duten berrehun pertsonetatik 123 hasi dira lanbide-jarduera berri batean Aldundiaren laguntzari esker, eta, horrez gainera, ezkerraldeak 118 enpresa berri daude programan parte hartu dutenen ahalegin, lan eta konpromisoaren ondorioz. 
Alta berrien ehuneko 38 emakumeei dagokie; adin-talde handiena berrogei urtetik gorakoena da, eta ehuneko 56 hamabi hilabete baino gehiago zeramatzan langabezian. Unibertsitateko tituludunak eta lanbide-heziketako goi-mailako gradua dutenak dira nagusi (% 58,5); lanbide-heziketako lehen zikloa edo bigarren hezkuntza dutenak gutxiago dira (% 22), eta lehen hezkuntza dutenak are gutxiago (% 19,5).  Negozio txikien artean, komertzio txikiak eta konponketak egitekoak dira gehienak, eta ekimenen laurdena osatzen dute (% 24,6).
Ondoren, zerbitzu profesionalak emateko negozioak daude (alta berrien % 19,5). Azkenik, jarduera hauek osatzen dute autoenpleguaren bideari ekion diotenen aukeren zerrenda: finantzak, aseguruak, enpresetarako zerbitzuak, energia, eraikuntza eta ostalaritza.

2014(e)ko urtarrilaren 27(a), astelehena

BILBAO-BIZKAIAK BERE PRODUKTU TURISTIKO BERRIAK AURKEZTUKO DITU FITUR AZOKAN

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak "be basque" eskaintza abiarazi dute lau aldizkaritan
Bilbao FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Koparen aurreko faseko egoitza ofiziala izatea Euskadiren standaren alde erakargarrienetako bat izango da Fitur-en.
Bilbao-Bizkaiak hiri destino eta kultura, kostaldea, natura eta gastronomia eskaintzen dituen euskal unibertsorako sarrera gisa sustatuko du bere burua Madrilgo Azokan.
Bilbao-Bizkaia Fitur-ekin urtero daukan hitzordura joango da; Fitur turismoaren arloko munduko bigarren azoka garrantzitsuena da, eta Madrilen egingo da, urtarrilaren 22tik 26ra bitartean. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak stand moderno bat partekatuko dute Eusko Jaurlaritzarekin, eta bertan Bilbao-Bizkaiaren "be basque" estrategia eta marka sustatuko dute lau aldizkari berriren bidez. Argitalpen landu horiek bi erakundeek aspalditik garatzen duten turistak erakartzeko politika indartu, eta bi eguneko batez besteko egonaldia luzatzeko berezko nortasuna eta alde erakargarri nahiko dituen eskaintza turistikoa bistaratu nahi dute.
Aurkezpen katalogo berriak
Hiria eta lurraldea turismo aldetik sustatzeko estrategia bera daukaten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak oso proposamen erakargarriak eskainiko dituzte Madrilen, arlo hauek erreferentziatzat hartuta: hiri kultura, kostaldea, natura eta gastronomia.
  • City & Experience. Aldizkariak Bilbo hiri helmuga gisa agertzen du, hiriaren gune turistikoa Bilbo administratiboa baino handiagoa dela eta metropoli arloa Bilbori lotutako hiri gune turistikoa dela ulertuta. Arreta berezia eman zaie itsasadarraren bi ertzetako udalerriei.
  • The Sea in its soul. Aldizkariak Bizkaiko alde erakargarriak agertzen ditu: marinel herri harrigarriak, surfa egiteko hondartza ikusgarriak, labarretako ibilaldiak, kostaldeko ohiko sukaldaritza...
  • Naturally!! Bilboko eta Bizkaiko natur guneak eta parkeak liburuxka honetako protagonistak dira. Zerurantz doazen mendiak, larre lasaiak agertzen dituzten haranak, ortuak dituzten baserriak, bide berdeak...
  • Gastronomy & Enotourism. Euskal sukaldaritza ospetsua aldizkari honetako leitmotiva da, bertan Bizkaiko plater gozoak, lurreko produktuak edo azoka ikusgarriak nabarmentzen direla.
Fiba 2014 saskibaloiko munduko kopa
Bilbao-Bizkaiak FITUR-eko hitzordua aprobetxatuko du FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Kopako egoitza den aldetik bere burua sustatzeko. Informazio triptikoa banatzeaz gain, hainbat jarduera antolatu dira, adibidez, saskibaloiko mitoak han izatea, esaterako, Femando Romay. Abuztuaren 30etik irailaren 4ra bitartean Bilbo saskibaloi onenaren munduko erreferentzia bihurtuko da. Bilbao Exhibition Centre (BEC) esparruko pabilioietako bat den Bizkaia Arenak FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Koparen aurreko faseko 15 partidu hartuko ditu, guztira. FIBA 2014 Munduko Saskibaloi Koparen beste eszenatoki batzuk honako hauek dira: Bilbao Arena, entrenamendu pista gisa erabiliko dena, eta La Casilla pabilioia, saskibaloiaren zaleentzat eta pertsona guztientzat, oro har, hainbat jarduera eskainiko dituena.